Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sota, Alejandro de la

Espainiar arkitektoa (Pontevedra, 1913 - 1996). Espainiako XX. mendeko arkitekturako maisu handienetako bat, arkitektura arrazionalista eta soil, purista baten ordezkaria. Madrilen egin zituen ikasketak. 1956-1972 bitartean eskolak eman zituen Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan. Bere lanen artean aipagarriak dira eraikuntza zibil batzuk: Tarragonako Gobernu Zibila (1954-1957); Madrilgo Aurrezki Posta Kutxako kalkulu zentroa (1975); Leongo Posta eta Telekomunikazioen egoitza berria (1981); Zaragozako epaitegi berriak (1986). Aipagarriak ditu, halaber, eskola eta unibertsitate inguruko eraikuntzak: César Carlos ikasle egoitza (Madril, 1967); Sevillako Unibertsitateko ikasgelak (1972). Etxebizitzen alorrean egindako lanen artean, berriz, aipagarriak ditu, besteak beste, Miraflores de la Sierrako udalekua (Madril, 1957); etxebizitza sail bat Salamancan (1963); eta familia bakarreko zenbait etxebizitza: Varela (Collado Mediano, Madril, 1964); Guzmán (Santo Domingo, Madril, 1972); Domínguez (La Caeyra, Pontevedra, 1976). Azkenik bere obra ezagunena aipatu behar da: Maravillas eskolako gimnasioa (Madril, 1961).