Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solow, Robert Merton

Estatubatuar ekonomista (Brooklyn, New York, 1924). Ekonomia ikasketak egin zituen, Harvardeko Unibertsitatean (1951). 1949rako estatistika irakasle gisa hasi zen lanean, Massachusettsko Ekonomia Institutuan. 1954an ekonomiako irakasle laguntzaile bihurtu zen, eta 1958an irakasle. 1956an ekonomiari buruzko pentsamendua argitaratu zuen "A contribution to the theory of economic growth" artikuluan eta 1957an Technical change and the aggregate production function liburua plazaratu zuen. Azken urte horretan Kondukzio Zientzietako Ikasketa Aurreratuen Zentroan hasi zen lenean. 1961ean Lyndon Johnson lehendakariaren ekonomia aholkularien batzordeko kide izendatu zuten. 1964-1965 urteetan Teknologia, Automatizazio eta Aurrerapen Ekonomikorako Batzordeko kide izan zen. 1964an Ekonometria Elkarteko lehendakari hautatu zuten, halaber. 1968an Ameriketako Ekonomia Elkarteko lehendakariorde izendatu zuten, eta 1979an lehendakari. 1972an Zientzien Akademian sartu zen. 1975-1981 bitartean Bostoneko Erreserbako Banku Federaleko zuzendari batzordeko kide izan zen, lehendakari 1979tik aurrera. 1977-1980 bitartean Ameriketako Arte eta Zientzietako Akademiako kide izan zen. 1987ko urrian Ekonomiako Nobel Saria jaso zuen, ekonomiaren hazkundeari buruzko teoriaren alorrean egindako ekarpenengatik. Lanik aipagarrienak: Linear programming and economic analysis (1958); Capital theory and the rate of return (1963); Sources of unemployement in the United States (1964); Price expectations and the behavior of the price level (1970); Growth theory: an exposition (1970). Mundu osoan ezagunak dira, bestalde, teoria ekonomiko matematikoaz, kapitalaren eta hazkundearen teoriaz, makroekonomiaz eta baliabide naturalen ekonomiaz egindako lanak.