Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solidarnosc

(Eusk. «Elkartasuna»). 1980. urtean sortu zen poloniar sindikatua; Lech Walesa izan zuen buru. 1982. urtean debekatu zuten Polonia-ko agintariek. Hiru urteren buruan ordea, berriz onartu zuten, bai mendebaleko herrialdeen bai Poloniako eliza katolikoaren presioagatik, eta baita poloniar langileriaren artean zuen eraginagatik ere; hala 1988. urtean izan ziren greben ondoren gobernu komunistak haren bitartekaritza eskatu zuen. 1989. urtean konstituzioaren aldaketa izan zen, eta bai alderdi politikoak bai sindikatuak legezkotu egin ziren. Sindikatuak gobernu haren kontrako demokrazia oposizioa bateratu zuen bere baitan. Urte hartan bertan izan ziren hauteskundeetan sindikatuak senatuko aulki guztiak eta kongresuaren % 35a lortu zituen, eta Solidarnosc taldearekin lotura zuen Tadeusz Mazowiecki izan zen Lehen ministro. 1990. urtean errepublikaren lehendakaritzarako egin ziren hautaskundeetara banaturik aurkeztu zen poloniar sindikatua, T. Mazowiecki alde batetik eta Lech Walesa bestetik; aurrena agintean izan zenean sindikatuaren baitan banaketak izan baitziren, ezarri zuen ekonomia politika zela eta. Hauteskundeetan Walesa atera zen garaile, eta Wojciech Jaruzelskiren ordezkoa izan zen errepublikaren lehendakaritzan. Walesak 1991. urtean sindikatuaren zuzendaritza Marian Krzaklewskiren eskuetan utzi zuen. Gobernu berriak politika neoliberala indartu zuen, eta langileen baldintzak oso laztu ziren; hala, langileek manifestaldi eta greba ugari egin zituzten gobernuan jarri zituen agintarien kontra. 1991 urtean bertan, berriro izan ziren hauteskundeak, eta horietan sindikatua zenbait alderdi politikotan banaturik aurkeztu zen hauteskundeetara. Azken urteotan sindikatuak indar asko galdu du sindikatu komunista zenaren onerako.