Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soleri, Paolo

Italiar arkitektoa (Turin, 1919). Bere jaioterriko eskola politeknikoan egin zituen ikasketak. 1947an Estatu Batuetara joan zen Frank Lloyd Wright arkitektoaren estudioan lan egitera (Arizona). Baina urte horretan bertan lan hori utzi eta Mark Mills-kin batera basamortura joan zen. Basamortuan egin zuten beren lehenengo lana, burujabetasunaren sinbolo izango zena: harlanduzko zutabe bat. Arizonan, Dome House eraiki zuten. Etxe hura erabat lurperaturik zegoen, eta gainean aluminio eta beirazko kupula bat zuen, Wright-en arkitektura organikoaren teorien arabera eraikia. 1949an Carolyne Woods-ekin ezkondu zen eta Turinera itzuli zen. Italian bost urte egin zituen eta urte horietan hainbat lan egin zituen, marrazkiak oihalean, zeramika eta camping karabana bat ere asmatu zuen, Leoncino. Karabana horretan Vietri sul Marera joan zen (Salernotik hurbil), eta han, 1953an, zeramika fabrika bat eraikitzeko enkargua eman zioten. Wrighten Guggenheim museoaren espiral planoan oinarritu zen lan hartarako. 1955. urteaz geroztik Estatu Batuetan bizi izan zen berriz ere, Scottsdalen (Arizona). Han kanpai fabrika bat sortu zuen eta Eart House eraiki zuen (lurpeko beste etxe bat), Cosanti fundazioaren zentroa izango zena. Hiri utopiko baten proiektua egin zuen: bi milioi lagunentzako hiria zen eta goi-ordoki batean kokatu zuen (Mesa City Project, 1958). Proiektu harengatik Graham Foundation-aren saria irabazi zuen eta ondoren 1964 eta 1967an Guggenheim-Grant saria. Beste megalopolis utopiko batzuen ikerketan aritu zen (Asteromo, Babelhoah, Veladiga, Babel B), eta hala, 1960an megaegituren higikundearen lehenengo lekuetan egon zen. Bere marrazkiak eta maketak Washingtoneko Corcoran galerian erakutsi ziren 1970ean. Erakusketa haren bidez Cosanti fundazioa ezagutarazi zen. Fundazio horrek Arcosanti proiektua jarri zuen abian 1970ean. Egitasmo hura etorkizuneko hiri baten proiektua zen: basamortuan eraiki zen (Cordes Junction, Arizona) eta poliki-poliki eraiki zuten Soleri buru zen komunitate mistikoko dizipuluek. Energia arazoak konpontzeko, Solerik eguzki energiaren inguruan egin zituen aurkikuntzak erabili ziren. Arcosanti fundazioak, bestalde, aldizkari bat argitaratzen zuen 1974. urteaz geroztik, Arcosanti Newsletter, arkitektura sari ugari izan zituena.