Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Skou, Jens C

Daniar kimikaria (Lemvig, 1918). Medikuntza ikasketak egin zituen Kopenhageko Unibertsitatean eta 1944an lizentziatu zen. 1947an Aarhus Unibertsitateko fisiologiako institutuan sartu zen eta 1954an eskuratu zuen doktoregoa. 1963an Aarhusko fisiologia irakasle izendatu zuten eta biofisikako irakasle gisa lan egin zuen 1977-1988 bitartean. 1997an Kimikako Nobel saria jaso zuen, Paul Boyer eta John Walker zientzialariekin batera, zelularen sodio ioiak eta potasio ioiak orekan iraunarazten dituen ATPasa entzimaren inguruan egindako aurkikuntzengatik. 1929an ATP entzima aurkitu zutenetik, zientzialariek energiaren sorreran entzima horrek zuen zeregina eta zelulan nola sortzen zen azaltzeko lanak egin zituzten. 1950ean Skouk karramarro baten zelularen mintzekin egindako lanen ondorioz, entzima bat aurkitu zuen sodioa zelulatik kanpora eta potasioa zelula barnera igaroarazten dituena; mekanismo horrek, zeinak ATPtik eskuratzen baitu energia, garrantzi handiko zeregina du nerbioen kitzikaduran, punpa moduko zeregin horregatik ez balitz zelulen funtzioak eten egingo liratekeelako.