Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siza, Álvaro

Portugaldar arkitektoa (Matosinhos, 1933). Gaztetan pinturarako eta eskulturarako zaletasuna erakutsi zuen, baina 15 urterekin, eta Gaudíren eraginez, arkitekturaren bideari heldu zion. Portoko Unibertsitatean egin zituen arkitekturako ikasketak. 1954an eraiki zen bere lehen proiektua, eta hurrengo urtean ikasketak amaitu ondoren Fernando Távoraren estudioan lanean hasi zen, 1958 arte. Irakasle gisa lan egin du Portoko Unibertsitatean eta beste hainbat fakultate eta eskoletan, eta eraikuntzako katedra eskuratu zuen 1976an. Gaur egungo arkitekto portugaldar ezagunenetakoa da. Bere eraikinen ezaugarri nagusietako bat topografiari eskaintzen dion arreta da; topografia berri bat sortu du eta bere lanak eraiki behar diren lekuaren eskakizunei egokitzeko trebetasun aparta erakutsi du. Horrela ikus daiteke, besteak beste, Matosinhosko Quinta de Concieçaoko igerilekuan (1958-65) edo Leça da Palmeirakoan (1966), eta hiri barruko proiektuetan, Oliveira de Azemeisko Pintoko bankuaren egoitzan (1974) adibidez. Bestalde, lekuan lekuko materialak erabiltzen ditu, eskulangintzaren garrantzia nabarmentzen du eta lekuan lekuko argitasunaren ñabardurak azpimarratzen, alde batera utzi gabe molde arrazionalak eta aurreramendu teknikoak. Lan aipagarriak diru Evorako Malagueira kaleko 1.200 etxebizitzarako proiektua (1977); Ovarko Avelino Duarte etxea (1981-85); Setubalgo Hezkuntzako Goi Mailako Eskola (1986-92); Aveiroko Unibertsitateko Liburutegia (1988); Compostelako Arte Garaikideko Museoa (1988-93) etab. Hirigintzan, azpimarratzekoak dira Macaorako hirigintza plana (1983-84); Hagako Schilderswijken berreskurapen plana (1985); Chiadoko eremu errearen berreraikuntza (1988) eta Praça de Espanhako hirigintza proiektua (1989), biak Lisboan, etab. Nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi ditu, esaterako Veneziako Campo di Marteren berreskurapenerakoa (1985), Salzburgoko Kasinoa eta Winkler jatetxea eraberritzekoa (1986) etab. Bere karreran zehar hainbat sari irabazi ditu, eta bakarkako zein taldeko erakusketa askotan parte hartu du.