Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shakespeare, William

Ingeles poeta, antzerkigile eta aktorea (Stratford-upon-Avon, 1564 - Stratford-upon-Avon, 1616). Historiako dramagile handiena da aditu askoren arabera. Merkatari aberats baten semea zen eta jaioterrian egin zituen ikasketak. 1582an Anne Hathaway, bera baino zortzi urte zaharragoa zen emakumearekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Emaztearekiko harremanak txarrera egin zuten eta ondorengo urteetan, 1584tik aurrera, Londresa joan zen eta aktore eta antzerkigile gisa lan egin zuen. Lord Chamberlain-en antzerki konpainian lan egin zuen eta 1588an hasi zen haren ospea zabaltzen. 1610. urtea arte Londresen bizi izan zen eta handik aurrera sorterrira erretiratu zen.  v  Shakespearen obra. Ez da zehatz ezagutzen zein izan zen haren lehen obra. 1590. urtetik aurrera aurkeztu bide zituen lehen obrak. Antzerki molde guztiak landu zituen. Komediak: The Taming of the Shrew (1593-1594, Piztia menderatua), Love’s Labour’s Lost (1594-1595, Galdutako amodioen penak), Ingalaterrako erregeen historian oinarrituriko dramak: Henry VI (1589-1592) eta Richard III (1592-1593), eta bere lehen tragedia: Romeo and Juliet (1594-1595). Garai hartako antzerkian erabiltzen ziren osagarriez baliatu zen lehen lanetan. Zorroztasun handia erakutsi zuen pertsonaien ezaugarriak aurkeztean eta maisutasun handiz erabili zuen ingeles hizkuntza, ordu arte ezagutzen ez zitzaion aberastasunaz. XVI. mendeko azken urteetan komediak idatzi zituen batez ere: The Merchant of Venice (1596-1597, Veneziako merkataria) eta Much Ado About Nothing (1598-1599, Zarata handia ezertarako ez), baita antzinako Erromako pertsona handien historia dramak ere: Julius Caesar (1599-1600, Julio Zesar). Komedietan, gorte giroko abentura erromantikoak eta zoritxarreko amodioak landu zituen bereziki; historia lanetan, aginte maila gorenaren bila diharduten gizabanakoen arteko borrokak aurkeztu zituen. Antzerki lan horiek hasierakoak baino konplexuagoak dira maila dramatikoari dagokionez. XVII. mendearen hasieran idatzi zituen tragedia handienak; lau tragedia nagusi idatzi zituen garai honetan: Hamlet (1600-1601), Othello (1604-1605), King Lear (1605-1606) eta Macbeth (1605-1606). Psikologia azterketa zorrotz baten bitartez, Shakespearek amaiera tragikoan amildu zituen pertsonaia horiek, eta heroiak bukaera hartara ezinbestean zeramatzaten nortasunezko akatsez baliatu zen horretarako. Pertsonaien barne psikologia eta portaera etikoa adierazteko, akats hauek erabili zituen: segurtasun eza (Hamlet), arrazoi gabeko jelosiak (Otelo), umekeriak eta setakeriak (Lear errege) eta neurri gabeko handinahia (Macbeth). Tragedia horietako egitura konplexu gorabeherarik gabeak, poesia molde eta hizkuntza aberatsek eta filosofiaren sakontasunak munduko literaturako lehen mailara eraman zuten Shakespeare. Azken urteetako lanetan, batera aurkeztu zituen komediako eta tragediako osagarriak: The Winter’s Tale (1610-1611, Neguko Ipuina), The Tempest (1611-1612, Ekaitza). Hasierako lanen ondoren, drama auziaren amaiera aldatu zuen, damuari eta barkamenari bide emanez, eta aurkarien arteko adiskidatzearen aldeko joeraz. 1623an inprimatu ziren lehen aldiz Shakespeare-ren antzerki lanak, eta 1609an haren sonetoak. Ordea, ez da ezagutzen noiz ondu zituen. 154 soneto dira eta zeharka bere harreman pertsonalak adierazten dute. Argitu gabe dago pertsona haiek benetakoak ziren ala ez. Sentimenduak eta arte maisutasuna nabarmentzen dira lan horretan. Obra guzti hauez gainera, bi kontakizun poema idatzi zituen: Venus and Adonis (1593) eta Rape of Lucrece (1594, Lukreziaren bahiketa), eta eresi bat: The Phoenix and the Turtle (1601ean argitaratua, Fenix-a eta dortoka). Shakespeareren obra batzuk itzuli dira euskarara: Toribio Alzagak, E. Larrañagak, Bingen Amezagak, Xabier Mendigurenek, Joanes Urkixok eta J.A. Sarasolak; aipamen berezia merezi du Bedita Larrakoetxearen W. Shakespeareren antzerki guzti-guztiak euskeraz bizkaierazko itzulpenak.