Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shahpuhr IIa

Pertsiako erregea 310-379 urteetan, Ormuzd II.aren semea. Konstantino I.ak kristautasuna babesten zuen garaian (325), mazdakismo erlijio dualista aldezten zuen Shahpuhr II.ak. Urte berean sinodo nazionala antolatu zuen eta harrezkero erlijio kutsua hartu zuen ekialdearen eta mendebalaren arteko borrokak. Pertsiako kristauek Erroman zituzten babesleak eta, ondorioz, Pertsiako apezpikuak esestea agindu zuen erregeak (340-379). 338. urtean Konstantino hil zenean piztu zen bi erresumen arteko gerra, Armenia konkistatu nahi baitzuten. Shahpuhr II.ak Nisibis-eko hiria setiatu zuen 340. urtean eta bere mendeko erregea izendatu zuen Konstantzio II.a enperadorearekin bake hitzarmena sinatu ondoren. Hala ere gerra piztu zen berriro ere eta 363. urtean Juliano enperadore erromatarra Pertsian barneratu zen Ctesifonteraino, baina hil egin zen gudu batean. Haren ondorengo Jovianok bakea sinatu zuen Shahpuhr-ekin, eta Pertsiari itzuli zizkion Dioklezianok eta Galeriok Mesopotamiako ipar-ekialdean konkistatu zituzten bost probintziak.