Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seregni, Líber

Uruguaiar militar eta politikaria (Montevideo, 1916). Gudarostean egin zuen karrera. 1936rako tenientea zen eta 1963an jeneral izendatu zuten, baina bere ideia liberalengatik nabarmendu izan zen beti, eta horrela, 1968an Pacheco lehendakariaren gobernuak gudarosteari ematen zizkion eskumenekin eta haren jardunbide zapaltzailearekin ados ez zegoenez, erretiroa eskatu zuen. Gudarostea alde batera utzirik, 1971ko lehendakaritzarako hauteskundeetan hautagai aurkeztu zen, Frente Amplio ezkerreko koalizioaren buruzagi gisa. Hauteskunde haietan arrakasta handia lortu zuen, izan ere bigarren gelditu zen. 1973an militarrek estatu kolpea eman zuten eta Seregni kolpearen kontra agertu zelarik, atxilotu egin zuten eta espetxeratu. 1975ean aske gelditu zen, baina 1979. urtean berriro atxilotu eta 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 1984an gelditu zen aske eta harrezkero demokraziaren aldeko jarrera erakutsi zuen. Frente Amplio taldearen hautagaia izan zen 1984ko hauteskundeetan, nahiz eta gobernu militarrak horretarako debekua ezarri zion. 1989an lortu zuen hauteskundeetan parte hartzeko baimena, bere hautagaitza zela-eta koalizioan barne liskar asko izan ondoren, eta hirugarren gelditu zen (botoen % 21).