Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Scalfaro, Oscar Luigi

Italiar politikaria (Novara, 1918). Italiako Errepublikako lehendakaria (1992). Zuzenbide ikasketak egin zituen Milaneko Unibertsitate Katolikoan. Benito Mussoliniren gobernu faxistaren garaian, erregimenaren aurkakoen zerbitzura lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, fiskal gisa hasi zen lanean. Katoliko suharra izanik, Demokrazia Kristaua alderdiaren jarraitzaile nagusietako bat izan zen alderdiaren sortzaile Alcide de Gasperiren agintaldian, eta Legebiltzarreko kide hautatu zuten 1946an. Harrezkero beti izan da legebiltzarkide, lehendakaritza lortu zuen arte. 1950eko hamarraldian Lan ministerioko idazkariorde izendatu zuten, eta hurrengoan Garraio, Hezkuntza eta Barne Arazoetako ministro izan zen. Une zailetan hartu zuen lehendakaritza, mafiaren aurkako borrokarako izendatu zuten epaile berezi baten hilketaren ondoren, Giovanni Falconeren hilketaren ondoren hain zuzen, eta politikarien artean ustelkeria nagusi zen garaian. Italiako herriak hautes sistema berri baten alde bozkatu zuenean 1993ko erreferendumean, Scalfarok Legebiltzarra desegin zuen, eta hauteskundeak deitu zituen hurrengo urterako. Hauteskunde haietan Silvio Berlusconi atera zen garaile. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italia gobernatzen aritu ziren politikarietako askok aulkia galdu zuten, eta Italiako politikan nagusi izan ziren alderdiek garrantzia galdu zuten. Scalfarok beharrezkoa balitz Legebiltzarra desegiteko eta Lehen ministroak gehiengoa galtzen bazuen beste bat izendatzeko eskubidea gorde zuen. Scalfaroren lehendakaritzapean Italiako politikak bide zuzena hartu zuen ostera pixkana-pixkana, 90eko hamarraldiaren hasierako eskandalu larrien ondoren. 1999. urtean, Carlo Azeglio Ciampi hautatu zuten presidente, Scalfaroren ordez.