Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Say, Jean Baptiste

Frantses ekonomialaria (Lyon, 1767 - Paris, 1832). Enpresaria zen, eta eguneroko lanean hartu zuen ekonomiarekiko zaletasuna. 1816. urtean ekonomiari buruzko eskolak ematen hasi zen. 1819. urtean Conservatoire National des Arts et Métiers-en Industria Ekonomia sailaren ardura hartu zuen. 1831. Urtean, berriz, Collčge de France-ko Ekonomia Politikoko irakasle hautatu zuten. Argitaratu zituen obren artean nagusiak Traité d’économie politique (1803) eta Cours complet d’économie politique (1829) dira. Ekonomia teorian entrepeneur kontzeptua sartu zuen, eta oinarrizko ekoizpen bideak hirutan (lurra, lana eta kapitala) sailkatu zituen. Hala ere, ezaguna da batik bat bere izena daraman merkatuei buruzko legearengandik. Lege horrek ez zuen ekonomia teorian izan duen eragina lortuko ez balitz izan Keynes-en eta Eskola Klasikoaren arteko tirabira; Keynesen ustez, Eskola Klasikoaren huts handia zen Say-ren legea beren makroekonomia teoriaren oinarrizko ideiatzat hartzea. Bada zalantzarik Say-k postulatu horrekin esan nahi zuenari buruz; Keynes-en ustez legeak, funtsean, “ekoizten diren salgaien kopurua eta erositako salgaien kopurua berdinak dira” dio; beste modu batera esanda, “eskaintzak bere eskaria sortzen duela”; definizioz, beraz, ez litzateke inoiz izango baliabideen gutxiegizko erabilpenik. Legearen beste zenbait ikuspuntu funtsa handirik ez duten topikoak baizik ez dira, “truke orotan badirela eroslea eta saltzailea”, eta “salgai bat saldu bada, norbaitek erosi duelako”, esaterako. Seguruenik esanahi handieneko interpretazioa Keynes-ena da, baina oreka izateko baldintza gisa. Bere obren artean aipatzekoak dira orobat Ricardo ekonomialari ingelesaren obren frantseserako itzulpenak.