Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sao Tome eta Principe

(Izen ofiziala, São Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoa; Portugesez, República democrática de São Tomé e Príncipe). Afrikako erdialdeko estatua, Gineako golkoan, Gabonen mendebaldean. Sao Tome, Principe eta beste uharte txiki batzuek osatua da. 1.001 km2 eta 206.178 biztanle (2008ko estimazioa, saotometarrak). Hiriburua: Sao Tome (35.000 biztanle inguru). Beste hiriak: Sao Antonio. Hizkuntza ofiziala: portugesa. Etniak: beltzak, mestizoak eta europarrak. Erlijioa: katolikoa, % 84; protestantea, % 16. Dirua: dobra. ■ Lurraldea. Bi uharte nagusi dira, Sao Tome (836 km2) eta Principe (128 km2); gainerakoak oso txikiak dira. Uharte horiek dirudienez hutsik zeuden portugesak XV. mendean iritsi zirenean; ordutik aurrera, kolono portugesak eta esklabo beltzak, gehienak Angolatik helduak, bizi izan dira bertan. Horren ondorioz, mestizoak dira São Tome eta Principeko gizartea nahiz kultura. ■ Biztanleak. Uharteetako biztanleriak hazkunde handia izan du azken hamarraldiotan (1999ko estimazioen arabera, % 3,4), eta, hortaz, biztanleen erdiak baino gehiago 15 urtetik beherakoak dira. Bestalde, emankortasun tasa ere oso handia da, emakumeko 6,14 1999ko estimazioen arabera. São Tomeko uhartea da jendeztatuena, eta izen bereko hiria da nazioko hirigunerik garatuena, han bizi baitira saotometar guztien % 42. Gainerakoak bi uharteetan sakabanatutako herrixketan bizi dira. Hizkuntza ofiziala portugesa da, baina harekin batera crioulo deritzana ere mintzatzen da, portugesa eta fang-aren nahasketa. Bizi itxaropena 65 urte ingurukoa da, eta biztanleria osoaren % 73 dago alfabetatua. ■ Ekonomia. Historikoki, plantazio handietan oinarritu da São Tome eta Principeko ekonomia (lantzeko lur guztien % 85). Plantazio horiek nazionalizatu egin ziren 1975ean, uhartediak independentzia eskuratu zuenean, baina 1990ko hamarraldiaren hasieratik aurrera berriz pribatizatu dira. Kakaoa izan da beti nekazaritza gai nagusia (esportazio guztien % 80tik gora). Herrialdearen zorra handia da, nazioarteko laguntzaren mende dago eta kakoaren merkatuaren gorabeheren araberakoa da; laborantza modernizatzen ahalegintzen ari da gaur gobernua, eta gero eta leku gehiago ematen zaio ekimen pribatuari. Principe uhartean eremu franko bat sortzeko plangintza osatu da. Itxaropen handiak daude Gineako golkoan ustez dagoen petrolio hobi batean jarriak; alabaina, Ekuatore Ginea eta Gabonekin uren jabetzaren arazoa argitu beharra dago aurrena. ■ Historia. 1470. urte inguruan portugaldar itsasgizonak São Tome eta Printze uharteetara irisi ziren. XV. mendearen bukaeran Portugalgo juduak eta presoak eraman zituzten. Geroxeago azukre kanabera lantzen hasi ziren Afrikatik eramandako esklaboekin. Handik gutxira, São Tome eta Printze esklaboen salerosketako gune nagusietako bat bilakatu ziren. XVII. mendean holandarrek hartu zituzten uharteak, baina handik gutxira portugaldarren eskuetan geratu ziren berriro. Urte batzuetan gainbehera egin ondoren, XIX. mendean, kakao ekoizpenak uharteen garrantzia handitu zuen. 1876an esklabotasuna debekatu zen, baina 1909an Ingalaterrako eta Alemaniako txokolategileek São Tomeko kakaoa erosteari utzi zioten, jakin zutenean lursail handietako langileak esklabo gisa lan egiten zutela. 1953an agintariek gogor zapaldu zituzten lursail handietako langileen matxinadak. 1960an uharteak Portugalen itsasoz haraindiko probintzia bilakatu ziren. 1975ko uztailaren 12an, Portugalgo sistema politikoa aldatu zuen iraultzaren ondoren, uharteek burujabetasuna erdietsi zuten. Manuel Pinto da Costa ekonomialaria eta MLNSTP alderdi komunistaren idazkari nagusia lehendakari izendatu zuten. 1985etik aurrera Pinto da Costa komunismotik urruntzen hasi zen, eta uharteetan bizi ziren angolar, kubatar eta sobietar soldadu eta teknikariek alde egin zuten. 1990eko irailean konstituzio berria onartu zen, alderdi-aniztasunaren aldekoa. Ondorengo hauteskundeetan (1991ko urtarrila), ordu arte alderdi bakarra izandakoa, São Tome eta Principeko Askapenerako Higikundea (MLSTP) galtzaile izan zen, Konbergentzia Demokratikoa alderdiak (pcd) lortu baitzuen gehiengoa. Bi hilabete geroago, Miguel Trovoada aukeratu zuten Errepublikako presidente. 1994an ordea, MLSTP alderdiak berreskuratu zuen agintea. Hurrengo urtean, abuztuaren 15ean, estatu kolpe militar bat izan zen, eta nazio batasuneko gobernu bat osatu zen. 1996ko uztailean, Trovoada berriz presidente hautatu zutelarik, beste krisi bat sortu zen, MLSTParen kontra jokatzen baitzuen beti hark. MLSTP alderdiak lortu zuen berriz ere gehiengoa 1998ko azaroan, absolutua gainera. Nazioartean, uhartedia Frankofoniako kide egin zen (1995); aldi berean, parte hartzen du Portuges Hizkuntzako Herrialdeen Elkarteko saioetan (CPLP), elkarte horren kide sortzaile baita 1996ko uztailaz geroztik. 2001ko hauteskundeetan, Fradique de Menezes aukeratu zuten lehendakari. 2002ko legebiltzarrerako hauteskundeetan koalizio gobernu bat eratu zen, alderdi bakar batek ez zuelako gehiengoa lortu. 2003an militar batzuek estatu kolpe bat jo zuten, baina nazioarteko herrialde askoren bitartekaritzak estatu kolpea eragotzi zuen.
http://www.nationsonline.org/oneworld/sao_tome_principe.htm