Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santpere, Mary

Katalan antzerki eta zinema antzezlea (Bartzelona, 1917 – Madril, 1992). Bere aitaren konpainian egin zituen lehen urratsak ikuskizunen munduan, 1938an, Tenorio lan musikatuan Inésen parodia eginez. Urte hartan bertan Paquete, el fotógrafo número uno filmean parte hartu zuen, baina film hura ez zen, azkenik, estreinatu. Gerra zibila amaitzean, film hauetan lan egin zuen, besteak beste: Los cuatro robinsones, El pobre rico, Boda accidentada, Un enredo de familia. Ondoren, antzerkiaren munduan jarraitu zuen bere ibilbide profesionala, Paco Martínez Soria edota Joaquín Gasaren konpainietan. Azken horrekin hogei urte eman zituen, eta asko ibili zen atzerrian. 1950eko hamarraldiaren bukaera aldera, bere ospea eta komediarako gaitasuna zirela-eta, Bartzelonako antzezle nagusietako bat bihurtu zen. Hurrengo hamarraldian telebistan ere arrakasta handia lortu zuen Miguel Gila komikoarekin La gran parada saioan, eta baita Luces de Madrid saioan ere, pailazoarena egiten. Gero, paper txikiak egin zituen zenbait filmetan: Antoni Ribasen La ciutat cremada (1975), Fernándo Fernán-Gómezen Bruja, más que bruja (1976), Luis G. Berlangaren Patrimonio nacional (1980), Ventura Ponsen El vicari d´Olot (1981) eta Aquesta nit o mai (1991), Carlos Suárezen Makinavaja (1991).