Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santos, José Eduardo dos

Angolar politikaria (Luanda, 1942). Angolako Errepublikako lehendakaria (1979). Aurreko lehendakari António Agostinho Netoren politika marxista-leninista sozialismo demokratikoaz ordezkatuz joan zen pixkana-pixkana. Angolaren Askapenerako Herri Mugimenduko (AAHM) kide izan zen gaztetandik, eta goi mailako ikasketak egin zituen Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunean. Portugalek Angola utzi zuenean, AAHM-k ezarritako gobernuan, Kanpo Arazoetako ministro izan zen. 1977an gobernuko lehen lehendakariorde eta AAHM-ko Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten. Urtebete geroago, Ekonomia Plangintzako ministro egin zuten. 1979ko irailean Errepublikako lehendakari kargua hartu zuen, Batzorde Nagusiak ahobatez hala erabakita, Agostinho Netoren heriotzaren ondoren. Gerra zibilaren eta gosetearen ondorioek, eta, geroago, sobietar erregimena desegiten joateak, bere gobernuaren politika arintzera behartu zuten. Hasieran, lehendakaritza hartu zuenean, harreman estuak izan zituen Sobietar Batasunarekin, eta Herrialde Ez Lerrokatuen Antolakundearen ildoari jarraitu zion. Senegalek erregimena ezagutzea lortu zuen, 1982an. Geroago, Kubako gudarostea Angolatik erretiratzea onartu zuen, Hegoafrikarekin zenbait hitzarmen egin ondoren; izan ere, Hegoafrikako gudarostea Namibiako gudaroste matxinatuen kontra borrokatzen ari zen Angolako hegoaldean. 1985 inguruan ekonomia liberalizatu zuen, gobernuaren zenbait funtzio deszentralizatu zituen, inbertsio pribatuak onartu, eta mendebaldeko ekonomiekin harreman zuzenagoak izaten hasi zen. 1992ko hauteskundeetan garaile atera zen, baina Angolaren Independentzia Osorako Batasun Nazionaleko (AISBN) buruzagiak, Jonas Saavimbi-k, ez zituen emaitzak onartu, eta gerrillaren ekintzak bultzatu zituen. Dena dela, 1996ko martxoan, Dos Santos eta Savimbik batasun gobernua eratzea hitzartu zuten, eta gudaroste bakar bat. Hitzarmenarekin hemeretzi urteko gerra zibila amaitutzat uste bazen ere, 1997ko urriaz geroztik Nazio Batuek AISBNk oraindik mendean zeuzkan lurraldeak bahitu behar izan zituen, agindutakoa betetzen ari ez zelako.