Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santa Kruz apaiza

(Jaiotza izenaz Manuel Santa Kruz Loidi). Gipuzkoar apaiz gerrillari karlista (Elduain, 1842 - Pasto, Kolonbia, 1926). Etxe xume batean sortu zen eta umezurtz geratu zen haurretan. Osaba batek lagunduta ikasi zuen Gasteizko seminarioan eta, apaiztu ondoren, Hernialdeko erretore egin zuten (1866). Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen geroago, karlisten aldeko konspirazio lanetan ibiltzeagatik, eta 1872an itzuli zen Gipuzkoara, karlista talde bateko buru zela. Karlistek matxinada saio hartan huts egin ondoren, Santa Kruzek ez zuen Zornotzan 1872ko maiatzean hitzartu zen ituna onartu, eta borrokan segitu zuen Gipuzkoan. 1872ko abuztuan preso hartu zuten liberalek Arrasate aldeko mendietan eta Aramaion atxilotu zuten. Ihes egin eta Ipar Euskal Herrian egonaldi txiki bat egin ondoren, Gipuzkoara itzuli zen 1872ko abenduan. Santa Kruz apaizaren ospea euskal bazter guztietara zabaldu zen eta jende asko inguratu zitzaion. Haren modu ankerrek, ordea, jende asko izutu zuten. 1873ko urtarrilean prezioa ezarri zioten Gipuzkoako agintariek haren buruari, eta martxoan hiltzeko agindua eman zuen Lizarraga buruzagi karlistak errebeldea zelakoan. Borrokan jarraitu zuen Santa Kruzek, Karlos erregegaiari leial zirauela adierazi ondoren. 1873ko ekainean, Irungo Endarlatseako kuartela hartu eta, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko zubia erautsirik, bertan zeuden hogeita hiru karabineroak hilarazi zituen. Ekintza hark oihartzun handia izan zuen Espainian eta Frantzian, eta Karlos erregegaiak kargu guztiak kendu zizkion. 1873ko uztailean, liberalak eta karlistak atzean zituela, Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen Santa Kruzek eta han egon zen itzuli ez itzuli. 1873ko abenduan, Oiartzungo mendietara itzuli zen jarraitzaile batzuekin, berarekin egoniko gerrillari asko gupidarik gabe hiltzen ari zirela eta. Saiatu zen borondatezko karlistak bereganatzen, baina huts egin eta 1874ko urtarrilean betiko utzi zuen Hego Euskal Herria. 1874ko irailean Frantziako iparraldeko Lille hiriko jesuiten komentura erretiratu zen eta 1875ean eman zioten baimena berriro meza emateko. 1876an Londresera joan zen eta handik Jamaika aldera itsasoratu zen. Hamabost urte eman zituen uharte hartan eta 1891n Kolonbiara joan zen. Aita Loidi izena erabili zuen Amerikan. Pastoko hiritik bospasei legoatara, San Ignacio izeneko herrixka antolatu zuen eta alde hartan hil zen laurogeita lau urte zituela.  v  Santa Kruz apaizaren ospeak bizirik iraun zuen XX. mendeko Euskal Herrian; erlijio integrismoa muturrera eraman nahi izan zuen apaiz sutsuenetako bat izan zen batzuen ustean, eta foruak ezdeusean utzi zituen gobernuaren aurkari kartsuenetako bat beste batzuen iritziz. Historialari eta kazetari askok kontatu dituzte haren bizitzako pasadizoak. Nikolas Ormaetxea Orixe euskal idazleak idatzi zuen hari buruzko Santa Kruz apaiza (1929), eta 1992an idatzi zuen Junes Casenave zuberotarrak Santa Kruz güdülari pastorala.