Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Martin Ortiz de Zarate, Juan

(«Otsalar») Gipuzkoar idazlea (Eibar, 1922-2005). Lehen ikasketak Eibarren egin zituen, baina gero lanean hasi zen eta bere kabuz osatu zituen ikasketak. Euskaraz eta gazteleraz idatzi du hainbat aldizkaritan, besteak beste: Euzko-Gogoa, Egan, Jakin, Karmel, Olerti, Zeruko Argia, Eibar, Euskera, BAP, Munibe, Pyrenaica, La hoja del lunes, etab. Euskaltzain osoa izan zen 1957az geroztik. San Martinenak dira, besteak beste: Juan Antonio Mogel eta Urkitza, bere bizitza ta lanak (1959), Zirikadak (1960), Eztenkadak (1965); Uhin berri (1969), euskal poesia modernoaren antologia; Euskeraren inguruan (1969), Hegatsez (1971), euskal prosa modernoaren testuen antologia; Euskal artea (1974), Literaturaren inguruan (1980), Gogoz (1978), Bidez (1981), Landuz (1984). Bestalde, Michel Ghelderode-ren Zaldun bitxia, Bertolt Brecht-en Kantak eta poemak, eta Salvador Espriu-ren Sinerako liburua eta Zezen larrua itzuli ditu euskarara. Olerkiak ere idatzi zituen, «Otsalar» izengoitia erabiliz. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Arartekoa izan zen 1989tik 1994 arte.