Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sales, Joan

Kataluniar idazlea (Bartzelona, 1912 - Bartzelona, 1983). Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean Frantziara erbesteratu zen lehenik, Dominikar Errepublikara ondoren eta Mexikora azkenik. Mexikon argitaratu zuen Quaderns d’exili (Erbesteko koadernoak) lana. 1948an Bartzelonara itzuli zen, eta Viatge d’un moribund (Hil zorian dagoenaren bidaia) poema bilduma kaleratu zuen. 1956. urtean kaleratu zuen Incerta glòria (Zalantzazko aintza) eleberria, bere obrarik ezagunena. Teknikari eta aholkulari gisa argitaratze askotan parte hartu zuen, hala nola Ferran Soldevilaren Història dels Catalans-en. Haren lan nagusia, ordea, argitaratzailearena izan zen; Club Editor argitaletxea sortu zuen 1955ean. Bertan eman zion hasiera, besteak beste, El Club dels Novellistes eta El Pi de les tres Branques bildumei. Hil ondoren argitaratu da Contes d´ahir i d´avui (1987), berak hautatu eta egokituriko kontakizun liburua.