Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sagasta, Práxedes Mateo

Espainiar politikaria, (Torrecilla de Cameros, Logroño, 1825 - Madril, 1903). Liberalen aldeko ideiak jaso zituen familiatik eta horien alde agertu zen gazte-gaztetatik. Bide Ingeniaritzako ikasketak egin zituen, Madrilen. Ikasketak egiten ari zela Alderdi Progresistan sartu zen. Bere ideien alde aritzeagatik bi bider alde egin behar izan zuen erbestera (Frantziara), O’Donnellek 1854-1856 bitarteko iraultza gauzaeztu zuenean lehenengo aldian, eta Prim jeneralaren matxinadaren odoren bigarrenean (1866). 1868ko iraultzaren ondoren itzuli zen Espainiara. Urte horretatik 1873. urtea bitarteko gobernuetan kargu handiak izan zituen: Barne Arazoetako ministro Serranoren behin-behineko gobernuan; Barne Arazoetako eta Estatuko ministro; ministroen kontseiluko buru Amadeo de Saboya errege izan zen bitartean (1871-1873). Hala ere aldaketarik handienak gobernuburu egon zenean eragin zituen: 1881-1883 urteetan, aurreko gobernuek irakaskuntzatik botatako irakasleei lehengo karguetara itzultzeko eskubidea eman zien, eta Polizia de Imprenta izeneko legea, prentsari askatasun handia ematen ziona zabaldu zuen. 1885-1890 urteetan, berriz, elkarteen legea (1887), langileei sindikatuetan antolatzeko eskubidea ezgutzen ziena, Kode Zibila (1888), zibilez ezkontzeko eskubidea, eta bozketa eskubide orokorra (gizonezkoentzat) onartu ziren. Politika alde batera utzi zuen arte (1902), beste hiru aldiz izan zen gobernuburu. Bitarte horretan Kubari eta Filipina uharteei independentzia eman behar izan zien.