Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sabonis, Arvidas

Lituaniar saskibaloi jokalaria (Kaunas, Lituania, 1964). Kaunasko Zalguiris taldean hasi zen jokatzen, eta talde horretan aritu zen 1984-1988 bitartean (1987-1988 denboraldian Moskuko TSKA taldean aritu zen). 1989an Espainiako Ligara joan zen jokatzera, Valladolid taldera hain zuzen. Kritikarien ustez Europako jokalari onenetako bat da. 1992an Real Madrid taldeak deitu zion, eta talde horretan aritu zen harik eta Estatu Batuetako NBA Ligatik deitu zioten arte: 1985ean Atlanta Hawks taldearekin eta 1986an Portland Trail Blazersekin aritu zen. Berehala bihurtu zen Sabonis NBAko jokalaririk onena. Kaunasko Zalguiris taldearekin Sobietar Ligako Txapeldun izan zen hiru alditan (1985, 1986 eta 1987), Europako Errekopako txapeldunordea 1985ean, Europako Kopako (1986) eta Kluben Munduko Kopako txapeldunordea (1987). Real Madrid taldearekin, berriz, Espainiako Ligako bi titulu izan zituen (1993 eta 1994), Errege Kopa bat (1993) eta Europako Ligako txapeldun izan zen 1995ean. Selekzio nazionalei dagokionez, Sabonisek bi aldi izan zituen: SESBko selekzioarekin urrezko domina lortu zuen Seul-eko Olinpiar Jokoetan (1988); urrezko domina (Kolonbia, 1982) eta zilarrezkoa (Espainia, 1986) Munduko Txapelketetan; urrezko domina bat (Stuttgart, 1985) eta brontzezko bi (Nantes, 1983 eta Zagreb, 1989) Europako Txapelketetan. SESB desegin eta Lituania burujabe egin zenean, Lituaniako taldean sartu zen. Lituaniar taldearekin brontzezko bi domina (Bartzelona 1992 eta Atlanta 1996) eta zilarrezko bat (Atenas, 1995) eskuratu zituen Europako txapelketan.