Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sabin, Albert Bruce

Estatubatuar sendagilea eta mikrobiologoa, jatorriz poloniarra (Bialystok, 1906 - Washington, 1993). 1921. urteaz geroztik Estatu Batuetan bizi izan zen. New Yorken egin zituen ikasketak eta doktoregoa 1931. urtean lortu zuen. Han egin zituen gizakiaren poliomelitisari buruzko lehenengo lanak. Ondoren New Yorkeko Bellevue Hospitalean lan egin zuen eta Londresko Medikuntzako Lister Institutuan ere bai. 1935ean New Yorkeko Rockefeller Institutuan sartu zen, handik bi urtera pediatria eskolak ematen hasi zen Cincinnatiko Unibertsitatean eta 1974an Charlestonen (Hego Carolina) egon zen. Poliomielitisaren birusaren hazkundea gizakiaren nerbio ehunean in vitro frogatzen lehena izan zen, eta baita birus horren jatorrien kontrako ahoko txerto bat lantzen lehena ere. Berak frogatu zuen, orobat, infekzioa digestio aparatuaren bidez zabaltzen zela, eta ez arnasbideetatik. Poliomielitisaren kontrako txertoa Estatu Batuetan erabili zen gizakietan eritasun hori eragiten duen birusaren kontra. Beste eritasun biriko batzuen kontrako txertoak era aztertu zituen.