Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rotblat, Joseph

Poloniar zientzialaria (Varsovia, 1908 - 2005). Bere sorterriko unibertsitatean egin zituen ikasketak; 1932an graduatu zen, eta 1938an eskuratu zuen fisikako doktoregoa. Varsoviako Zientzia Elkarteko Laborategi Erradiologikoan lan egin zuen, eta Unibertsitateko Fisika Atomikoko Institutuaren zuzendari izan zen (1937-1939). 1939an Liverpoolera aldatu zen, beka batekin, atomo bonbari buruzko ikerketak egitera. Fisika Nuklearreko Saileko irakasle eta zuzendari izan zen, eta 1946an Erresuma Batuko hiritartasuna eskuratu ondoren, Londresko Unibertsitateko irakasle egin zuten; harrezkero gero eta kezka handiagoa erakutsi zuen biologiako eta medikuntzako gaiekiko, eta St. Bartholomew's Hospital Medical Collegen lan egin zuen (hango irakasle emeritua da). Rotblatek garrantzi handiko ikerketak egin ditu fisika nuklearraren alorrean, eta energia atomikoaren aplikazio bakezkoak azpimarratu eta erakutsi nahi izan dizkio gizarteari; izan ere, arma nuklearren kontrako jardueragatik izan zen batez ere ezaguna, eta arma horien arriskuez ohartarazten ahalegindu zen bai zientzialarien komunitatea bai gizartea. Besteak beste, Atom Train Exhibition erakusketa sortu zuen; Ingalaterra, Europa eta Ekialde Hurbilean zehar ibili zen, eta 1946an Zientzialari Atomikoen Elkarte Britainiarra sortu zuen, zientzialariak ohartarazteko. Zientzian eta teknologian egindako aurrerapenak gizarteari helarazteko ahaleginean, hogei liburutik gora idatzi zituen eta Physics in Medicine and Biology aldizkariko zuzendari izan zen; horrez gainera, hainbat elkarte eta akademiatako kidea izan zen. 1957-1973 bitartean Zientzia eta Munduko Arazoei buruzko Pugwasheko Hitzarmenak taldeko idazkaria eta 1988tik aurrera zuzendaria izan zen; talde hark munduan bakea lortzeko arma nuklearrak desegitea eskatzen zuen forum bat sortu zuen. 1995ean Bakearen Nobel saria eman zieten Rotblat eta Zientzia eta Pugwasheko Hitzarmenak taldeari, gerra nuklearraren prebentzioaren alde egindako lanagatik. 1992an Albert Einstein saria irabazi zuen.