Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rohan-go dukea

(Jaiotza izenaz Enrike Rohan-goa). Frantziako protestanteen buruzagia, erlijio gerraren garaian (Blain, Nantes-etik hurbil, 1579 - Königsfelden, Argovia, 1638). Rohango dukea izan zen 1603-1638 bitartean. Higanota zen eta Amiens-eko hiriko setioan parte hartu zuen 1597an. Henrike IV.a hil zenean higanoten aitzindari bihurtu zen eta Maria Medicikoaren politikaren aurka agertu zen. Biarnon katolizismoa berriro ezarri zenean matxinatutako protestanteekin bat egin eta Frantziako hegoaldeko zenbait hiri inbaditu zituen. Montpellier-eko hitzarmenak Rohanen nahiak asetzen bazituen ere, ez zen indarrean jarri (1623). Languedoc-en berritu ziren borrokak eta Alais-eko bakea izenpetu behar izan zuen Rohanek 1629an. Enbaxadore izan zen Suitzan 1632an, eta 1633an espainiarrak egotzi zituen Valtelinatik. Saxonia-Weimarreko Bernardorekin batera borrokatu zen.