Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roger

Apuliako eta Calabriako bi dukeren izena. v Roger I.a Borsa. Apuliako eta Calabriako dukea 1085-1111 urteetan, Roberto Guiscardoren bigarren semea (1111. urtean hila). Zenbait matxinadari aurre egin behar izan zien, eta Bari eta Tarento arteko eskualdea bere anaia Bohemundo-ren esku utzi behar izan zuen. Bohemundo 1098. urtean Antiokiako printze egin zutenean Italiako lurraldeak berreskuratu zituen Roger-ek, baina lurralde batzuk Siziliako kondea zen osaba Roger I.ari utzita.  v  Roger II.a. Apulia eta Calabriako dukea 1101-1127 urteetan eta Siziliako lehen erregea 1130-1154 bitartean, aurrekoaren semea (?, 1095 - Palermo, 1154). Bere lehengusu Gilenen oinordeko zenez, Apuliako dukerria jaso zuen 1127. urtean. Honorio II.a Aita Santuak Roger II.aren aurkako gurutzada bat antolatu zuen (1127-1128). Ramon Berenguer III.arekin bat egin zuen 1127an eta gerrarako berrogeita hamar ontzi eskaini zizkion hari sarrazenoen aurka borroka zedin. Anakleto antipapak errege izendatu zuen 1130ean; horrek Inozentzio II.a Aita Santuaren aldekoen aurkako gerra piztu zuen. Sarrazenoen laguntzaz kanpo eta barneko etsaiei aurre egin ahal izan zien, eta Inozentzio II.a atxilotu ondoren (1139) errege titulua jaso zuen. 1144an bere erresumaren eta Aita Santuaren estatuen arteko mugak zehazten zituen hitzarmena izenpetu zuen. Siziliak itsas armada sendoa osatu zuen hurrengo urteetan, Afrikan eta Grezian eraso ugari egin zuena.