Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rizal y Alonso, José

Filipinetako heroi nazionala (Calamba, 1861 - Manila, 1896). Aita filipinar jatorriko lurjabe handia zuen eta ama, Teodora Alonso, Filipinetako emakume jakintsuenetako bat zen. Manilako unibertsitatean egon ondoren, Madrilen egin zituen medikuntza eta arte ikasketak. Espainian zeuden filipinarren buru bihurtu zen berehala eta Madrilen itxuratu zituen Filipina uharteen independentziarako lehen asmoak: harentzat, benetako etsaia ez zen guztiz ahulduta zegoen Espainiako estatua, Filipinetako koloniak lotuta zeuzkaten frantziskotar, agustindar eta domingotar fraile ordena kristauak baizik. Rizalek Parisen eta Heidelberg-en bukatu zituen medikuntza ikasketak. 1886an argitaratu zuen lehen eleberria, tagaloz idatzia, Noli me tangere, fraideen aurkako liburua. 1891n idatzi zuen El filibusterismo liburua, eta Filipinetako uharteen autonomiaren aldeko propagandaren ardura hartu zuen ondoren, Bartzelonan. Rizal-en programaren arabera, Filipinetako uharteak Espainiako estatuko herrialde bihurtuko ziren, ordezkaritza bat izango zuten Gorteetan, espainiar fraideen ordez filipinatar apaizek jardungo zuten aurrerantzean, biltzeko eta mintzatzeko askatasuna errespetatuko zen eta filipinatarrek eta espainiarrek eskubide berberak edukiko zituzten legeen aurrean. 1892an Filipina uharteetara jo eta Liga Filipina bake higikundea osatu zuen Manilako hirian. Atxilotu eta Mindanaoko uhartera eraman zuten. Lau urtez eduki zuten espainiarrek han, eritegi batean lanean. 1896an hasi zen Katipunan isilpean ziharduen erakunde abertzalearen matxinada, eta erakunde horrekin harremanik ez zuen arren, militar espainiarrek atxilotu eta, traidoretzat hartu ondoren, hiltzera kondenatu eta Manilan fusilatu zuten. Ultimo adiós (Azken agurra) poema gogoangarria idatzi zuen hil bezperan.