Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Riyad

edo Riad. (Arab. ar-Riyadh). Saudi Arabiako erdialdeko hiria, izen bereko herrialdeko eta estatu horretako hiriburua. 1.000.000 biztanle (1990). Saudi Arabiako erdialdean dago, Najd herrialdean, Toweiq mendiaren ondoan, oasi oparo baten erdian. Hiri modernoa da gaurko egunean, kale zabal asfaltodunak, eraikin luzeak, eritegiak, hotelak eta nazioarteko aireportua dituena. Saudi Arabiako merkataritza, hezkuntza eta politika hiri nagusia da, hara jotzen dute estatu horretako errepide nagusiek eta handik abiatzen da burdinbide bakarra, Riyad-Damman. Industria asko zabaldu da azkenaldi honetan (petrolio findegiak). v Historia. Riyad Najd izeneko herrialdeko hiri nagusia izan zen luzaroan, hango oasiaren oparotasunagatik famatua beti. 1824-1881 urteetan Saud-en dinastiaren hiribua izan zen, eta handik bideratu zuen Ibn Saud-ek Arabiako konkista. 1932an estatu berriko hiriburu egin zuten saudiarrek, eta handik aurrera gorpuztu zen gaur egungo hiri modernoa. XX. mende erdialdera arte najdarrak baizik ez ziren bizi Riyad-en, baina arabiar etorki guztietako jendea bizi da han gaur egun.