Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

rhythm and blues

Mus. Estatu Batuetako beltz musikariek sortutako musika moldea. Rhythm and blues-a hegoaldeko nekazari giroko blues-etik sortu zen, eta beltzen elizetako gospel musikaren eragin handia izan zuen. Hiru mota nagusitan banatu zen. Lehena, race izenekoa, Bigarren Mundu Gerra baino lehenagokoa, jazz bandek egiten zuten. Bigarren motak Chicago blues-a sortu zuen, taberna eta klubetan, Muddy Waters, Sonny Boy Williamson eta Howlin’ Wolf-en mailako musikariek jotzen zutena. Hirugarrena ahozkoa da, batzuetan orkestra oso baten laguntza izaten zuena, eta bestetan, berriz, laguntza gabea. Rhythm and blues-ean oinarritu zen geroago rock and roll-a.