Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Respighi, Ottorino

Italiar musikagilea eta orkestra zuzendaria (Bolonia, 1879 - Erroma, 1936). 1901. urtean Rimski-Korsakovekin egin zituen ikasketak, eta hark eragin handia izan zuen Respighiren musikagintzan. Urtebete geroago, musika ikasketak Berlinen osatu zituen Max Bruch-ekin. 1913. urtean Erromako Santa Zezilia kontserbatorioko konposizio irakaslea izan zen, eta 1923-1925 urteetan, berriz, ikastetxe horretako zuzendaria. Ondoren, karguak utzi zituen musika idazteko eta orkestra zuzendaritzan aritzeko. I. Pizzeti eta Malipierorekin batera ahaleginak egin zituen Italian opera berriro indartzeko eta italiar kutsuko molde berriak sortzeko. Opera asko idatzi bazituen ere, orkestrarako idatzi zituen lanak dira ezagunenak. Rimski-Korsakovez gainera, R. Straussek eta C. Debussyk eragin handia izan zuten Respighiren lanetan. Aipagarrienak ditu: Belfagor (1923) opera; La boutique fantastique (1919, Denda miragarria) balleta, Rossiniren gaietan oinarritua; orkestrarako Fontane di Roma (1914-16, Erromako iturriak); Pini di Roma (1924, Erromako pinuak); Txoriak (1927); Erromatar festa (1929); kontzertuak; ganbera musika eta zenbait moldaketa.