Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Razin, Stenka

Kosakoen buruzagia (Zimoveyskaya-Donu, Errusia, 1630 - Mosku, 1671). Errusian 1667-1670 urteetan nekazariek egin zuten matxinadako buruzagia eta heroia izan zen. Kosakoen espedizio bateko buruzagi izan zen 1667. urtean, Volga ibairaino; espedizio horrekin bat egin zuten morrontzatik ihesi zihoazen laborariek. Gudaroste horren buru zela ontzi batzuez jabetu zen Volga ibaian eta Kaspiar Itsasoan eta Pertsiarako ibilbidean bidelapur jardun zuen, 1670. urtean Volga ibaian gora egin zuen, eta Tsaritsin, Astrakhan eta Saratov hiriak konkistatu zituen. Moskuko eskualderaino ere iritsi zen baina Simbirsk-eko hirian gudua galdu eta Don ibaiaren inguruan ezkutatu zen. Aristokraziako jendeek atxilotu ondoren Moskuko buruzagien esku utzi zuten Razin eta laurdenkatu egin zuten. Herri kanta ugaritan aipatzen da Razin heroia.