Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ray, Man

(Jaiotza izenaz Emanuel Rabinovitx). Estatu Batuetako argazkilari, pintore eta zinemagilea (Filadelfia, 1890 - Paris, 1976). Estatu Batuetako artista dada eta surrealista nagusietako bat izan zen. Aita ere artista eta argazkilaria zuen. Arkitektura eta industria diseinuko ikasketak egin zituen New York-en, baina pinturan hasi zen ondoren. 1915ean dada talde bat osatu zuen New York-en, Marcel Duchamp pintore frantsesarekin batean, eta ready-made edo artelantzat harturiko merkatuko gauzaki bihurrikatuak hasi zen aurkezten, horien artean The Gift (1921, Oparia), azpian eratxikitako iltze buruxapal andana bat duen plantxa. Kristalak ere landu zituen aerografoz baliatuta. 1921ean Parisa jo eta André Breton-en inguruko talde surrealistarekin hasi zen lanean. Argazki lanetara jo zuen, dirubide bila, eta arian-arian aldendu zen alor horretan ere molde tradizionaletatik: rayograph edo azalera sentikorraren gainean ezarritako objektuen inpresio zuzena asmatu zuen. 1922an aurkeztu zuen teknika horren bidez eginiko lanak, Les Champs Délicieux (Zelai gozoak) liburuan. Ospe handia irabazi zuen argazkilari gisa eta film labur batzuk ere egin zituen, estetika surrealistari jarraituz betiere: Le Retour à la raison (1923, Itzulera arrazoira), L’Étoile de mer (1928, Itsas izarra), Les Mystères du château de Dé (1929, Dé-ko gazteluko misterioak). Lapurdin sei hilabeteko egonaldia egindako etxearen izen bera eman zion historiako lehen film surrealistatzat hartua denari, Emak Bakia (1926). Pintura eta marrazkia landu zituen, argazki surrealistez gainera, arrazoitik kanpoko ilusiozko irudiak eskainita: Observatory Time-The Lovers (1932-1934, Maitaleak behatokiaren orduan), Sade markesaren erretratua (1939). 1940. urtean ihes egin zuen Man Ray-k naziek hartua zuten Paristik eta Los Angeles-ko hirira joan zen; Richter zinemagilearekin lan egin zuen gidoigile eta antzezle gisa, Dreams That Money Can Buy (1946, Diruz eros daitezkeen ametsak) eta Dadascope (1956-1961) filmetan. 1946an itzuli zen Parisa eta pintura lantzen jarraitu zuen hil arte.