Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rakosi, Matyas

Hungariar politikaria (Ada, 1892 - Gorki, 1971). Hungariako alderdi komunista sortu zuen 1918. urtean Bela Kun-ekin batera. Hurrengo urtean Hungariako errepublikako ekoizpenerako herri komisario izendatu zuten. Hungariako iraultza ahaleginak huts egin zuelarik Austriara erbesteratu zen lehenik eta Moskura ondoren. 1921-1924 urteetan Komintern-eko idazkari izan zen eta alderdi komunistak indartzeko ekimenak sustatu zituen Italian, Alemanian, Austrian eta Hungarian. Alderdi komunistaren ezkutuko buruzagia izan zen Hungarian, baina 1925. urtean atxilotu, eta bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zioten. 1940. urtean aske utzi zuten, eta 1945ean Sobietar Batasunean izan ondoren, Hungariara itzuli zen. 1948-1956 bitartean Hungariako langileriaren alderdiko idazkari orokorra izan zen eta 1952-1953 urteetan ministroen kontseiluko lehendakari. Stalinen jarraitzaileen aurkako politika zela eta, kargutik kendu zuten Rakosi (1956) eta Sobietar Batasunera erbesteratu zen. 1962. urtean Alderdi komunistatik bota zuten 1949-1952 urteetako auzi politikoetan izan zuen jarreragatik.