Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rajmanov, Imamoli

Tajikistandar politikaria (1952). Estatuburua (1992) eta Errepublikako lehendakaria (1994). Rajmon Nabiyev lehendakari ohiaren laguntzaile estua. Garrantzi handiko papera jokatu zuen komunistek Dushanbeko matxinatu islamiar eta demokratak Dushanbetik kanporatzeko egin zuten gerran. Kulob hiritik, Errepublikaren hegoaldetik, gidatu zituen gudarosteak, eta sobietar errepublika ohien esku-hartzea baimendu zuen. 1992an matxinatuek Nabiyev kargutik kendu zutenean, eta erregimen presidentziala deuseztatuta geratu ondoren, Sobiet Gorenaren lehendakaritza herrialdeko kargurik gorena bihurtu zen. Nabiyev desagertu eta hilabete gutxira, Sobiet Gorenaren lehendakari hautatu zuten Rajmanov. Bere helburu nagusietako bat errusiarrak eta gainerako atzerritarrak errepublikatik alde egin zezaten galaraztea izan zen, herrialdearen hondamen ekonomikoa eragoztearren. Dushanbe atzera konkistatu ondoren, Rajmanovek eskerrak eman zizkion Uzbekistaneko lehendakari Islam Karimovi erregimena berriro ezartzen emandako laguntzagatik. 1993an Asia Erdialdeko bost sobietar errepublika ohietako estatuburuak ados jarri ziren Asia Erdialdeko Estatuen Erkidegoa sortzeko. Urtebete geroago, azaroan, berme demokratiko eskaseko hauteskundeetan, Errepublikako lehendakari hautatu zuten. Harrezkero, bere kargua kolokan egon da, eta Errusiaren laguntzari esker eutsi dio lehendakaritzari. 1996ko abenduan, islamiar oposizio fundamentalistaren buruzagi militar gisa, su-eten protokoloa izenpetu zuen. 1997an atentatu bat izan zen beraren kontra eta bi pertsona hil ziren. Hilabete gutxi geroago, bakeak egin zituen, eta koalizio gobernu bat sortu zen, islamiarren parte hartzearekin. Nolanahi ere, 1998ko apirilean gerrillari islamiarrek Dushanben egindako erasoak agerian utzi zuen bakearen hauskortasuna.