Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Qabus Bin Said

Omandar sultana (Salalah, Dhofar, 1940). Said bin Taimur-en semea, Albusai familiako errege dinastiaren hamalaugarren ondorengoa. Gaztetan Britainia Handira joan zen ikasketak sakontzera. 1960an, Sandhursteko Akademia Militarrean sartu zen. Ikasketa militarrak bukatuta, eskoziar errejimentu batera bidali zuten, Alemaniako Errepublika Federalera. Omango koroaren oinordeko gisa herrialde askotan ibili zen 1960ko hamarraldiaren hasieran. 1964an sultanerrira itzuli zen. Aitak Salalahko jauregian egotera behartu zuen, Korana ikasten, sei urtez. Amak, ezkutuan, The Times egunkaria eskuratzen zion, eta britainiar BBC irratia entzuten zuen munduko berri jakiteko. 1970ean aita abdikatzera behartu zuten eta semeak hartu zuen aginpidea. 29 urterekin, sultanerria modernizatzeari ekin zion. Aita 1972an hil zitzaion, Londresen.