Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pynchon, Thomas

Estatubatuar idazlea (Long Island, New York, 1937). Erabiltzen dituen teknika narratibo esperimentalengatik da batez ere ezaguna, argudio eta gai oso konplexuetan oinarriturik beti. Eleberri ospetsuena Grabitate ortzadarra (1973) du, National Book Award sariaren irabazlea (Estatu Batuetako liburu sari nagusia). Thomas Pynchonek ingeniaritza ikasketak egin zituen, Cornell Unibertsitatean, baina ikasketak bukatu gabe, itsas armadan sartu zen. Soldadutzatik itzuli zenean ingeles hizkuntzako lizentzia atera zuen (1958). Boeing Aircraft konpainiarentzat lan egin zuen bi urtez, bere lehen eleberria argitaratu baino lehen: V (1963). Bere beste eleberriak 49. sailaren enkantea (1966) eta Vineland (1990) dira. Pynchonen liburuek gizarte sare erraldoi bat erretratatzen dute, Bigarren Mundu Gerran sortu ziren industria, gudaroste, masa hedabide eta aisialdi sistemez osatua. Gainera, sare horren sorrera nolakoa izan zen zehazten du, Europako enpresa librean dituen sustraietatik hasita garai modernoraino, Estatu Batuen sorrera ahaztu gabe. Oso eleberri zabalak dira, eta oso zehatzak, gertaera historikoak, teoria zientifikoak eta herri kulturari buruzko xehetasunak azaltzerakoan. Pertsonaia asko agerrarazten ditu, elkar gurutzatzen diren eta sarritan erabat osatu gabe utzitako argudioen bidez. Teknika narratibo desberdinak baliatzen ditu –satira, umorea, azpilana– gizarte modernoaren erdian bizi den gizakiaren alienazioaren irudi iluna –baina ez esperantzarik gabea– marrazteko.