Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pym, John

Ingeles politikaria (Brymore, Somersetshire, 1584 - Londres, 1643). 1621ean Londresko legebiltzarrean katolizismoari eta errege autoritarismoari eginiko kritika zorrotzengatik egin zen ezaguna. Buckingham-go dukearen aurkako oposizioburua izan zen eta «Eskubide-eskaera» (Petition of right) idazkiaren egiletako nagusia izan zen. Legebiltzarreko oposizioko burua izan zen 1640an eta denbora laburraren buruan bere alde jarri zuen iritzi publikoa. Strafford hiltzera kondenatzea eta apezpikuen aurkako legea onartzea lortu zuen. Karlos I.ak atxilotu nahi izan zuen 1642an, baina Londresek babestu zuen. Gerra zibila piztu zenean legebiltzarreko alderdiko buruzagi karguari eutsi zion eta bertan behera utzi zituen erregearekiko negoziazioak. Erregearen aldekoen garaipenak ikusirik, eskoziarrekin aliatu zen 1643an, baina handik gutxira hil zen.