Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Puxkin, Alexandr Sergeievitx

Errusiar idazlea (Mosku, 1799 - San Petesburgo, 1837). Nobleziako etxe bateko semea zen, eta etxeko giroak literaturarekiko zaletasuna piztu zion. Tsarskoie Selo Lizeoan (geroago Puxkin Lizeoa) egin zituen ikasketak. 1817an, San Petesburkogo Kanpo Arazoetarako Ministerioan hasi zen lanean. 1820an, olerki lirikoak eta Errusiako folklorean oinarritutako Ruslan eta Liudmila poema narratiboa argitaratu zituen, oso harrera ona izan zutenak, baina idazki «iraultzaile» batzuek Errusiako hegoaldera (Ekaterinoslav eta Kishinev) erbesteratzea behartu zuten. Hurrengo urteetan, landako bizimoduaren eta Lord Byron ingelesaren olerkien eraginez, poema narratibo gehiago idatzi zituen, erromantizismo eta musikalitate handikoak denak: Kavkazski plennik (1822, Kaukasoko espetxeratua), Bajchisaraiski fontan (1824, Bakhtxisaraiko iturria). 1823an, Odesara bidali zutelarik, bere lan handienetako bat izan zena idazten hasi zen (1825-31): Yevgeni Onegin (1833, Eujenio Onegin), hitz neurtuzko eleberria, Puxkinen literaturagintzan mugarritzat hartu ohi dena; izan ere, eleberri horretan, erromantizismoaren kanonetatik eta Byronen heroiarekiko hasierako liluratik aldentzearekin batera, izadiarekiko eta Errusiako herriekiko atxikimendua erakutsi zuen. Eleberri horretako «errealismo poetikoa» Errusiako eleberrigintza modernoaren abiapuntutzat hartu ohi da. Bestalde, obra hori gaitzat hartuta, Txaikovskik opera bat egin zuen. 1823an, ateismoaren aldeko gutun bat harrapatu zioten, eta hargatik, burokrazia karguetatik kendu eta Mijailovskoi-en zuen etxean bizitzera behartu zuten, Pskov-en ondoan. Han idatzi zuen Boris Godunov hitz neurtuzko drama historiko entzutetsua, 1831n argitaratu ziotena, eta Musorgskiren izen bereko operaren oinarri izan zena. Obra hura eten bat izan zen Errusiako antzerkigintza klasikoan, estetika erromantikoaren ordez elkarrizketa errealistak, azterketa psikologiko sakonak eta historiari buruzko gogoetak baitzituen. 1827an, barkamena eman ziotelarik, San Petesburgora joan zen bizitzera, eta 1830ean Natalia Gontxarovarekin ezkondu zen. Hurrengo urteetan, prosaz idatzi zuen batez ere: Pugatxeveko iraultzan oinarritutako Kapitanskaia dochka (1836, Kapitainaren alaba) eleberri historikoa da garai hartako prosaren eredu aipagarriena. Hala ere, bien bitartean, kontakizunezko olerki bat ere idatzi zuen, Petri Handia tsar erreformatzaileari buruzkoa: Medni vsandik (1833, Brontzezko zalduna; 1841ean argitaratua). Puxkinen beste obra batzuk: Povesti pokoynogo I.P. Belkina (1830, I.P. Belkinen azken ipuinak), ipuin liburua, Pikovaya dama (1834, Piketako dama) eleberria, Txaikovskik musikarako moldatua. Puxkinek eragin handia izan zuen haren ondorengo errusiar idazleengan. Emaztearen bizimodu arinari buruzko esamesak zirela eta, baroi frantses baten aurkako dueloan zauritu eta, egun batzuk geroago, hil zen, 38 urte zituela.