Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prusiner, Stanley B

Estatubatuar biokimikaria eta neurologoa (Des Moines, Iowa, 1942). Ikasketak egin, eta bi urtez Kaliforniako Unibertsitatean ikertzaile egon ondoren, irakaskuntzan aritu da batez ere, Berkeleyn eta San Franciscon, neurologia, birologia eta biokimikako irakasle gisa. 1991tik aurrera sari asko jaso ditu, gehienbat neurologiaren alorrean egindako lanarengatik. 1997an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, prioiak aurkitzeagatik; neuronak hondatzen dituzten zenbait eritasun –entzefalopatia espongiformeak: behi eroen eritasuna eta Creutzfeldt-Jakobena gizakiengan, besteak beste– eragiten dituzten proteina kutsagarriak aurkitzeagatik. Duela 25 urte baino gehiago hasi zen ikertzen, Creutzfeldt-Jakoben gaitza (behikiak pertsonei kutsa diezaiekenaren antzekoa) zuen pertsona baten heriotzaz geroztik. Adituek bazekiten burmuineko alderdi kutsatuek kutsa zezaketela eritasuna, baina ez zekiten gai kutsatzailea zein izan zitekeen. Hamar urteko ikerketen ondoren, Prusinerrek prioiak identifikatu zituen. Prioiak zelula proteina gisa bizi dira organismoan, hari inolako kalterik egin gabe, baina beren egitura oso forma egonkorrera aldatzeko gaitasuna dute, eta, azkenean, partikula hondatzaile bihur daitezke, neuronak hondatzen baitituzte, garun ehunetan pilatuz gero. Beraz, buruko eritasunak eta erotasuna eragin dezakete pertsona eta animalietan. Prusinerren ustez, prioiek eragindako eritasunak herentziazkoak izan daitezke, eta elikagaien bidez igor daitezke, besteak beste, baina bat-batean ere sor daitezke. Gaitz hori harrapatzen duten pertsonek giharren, oroimenaren eta loaren kontrola galtzen dute, besteak beste. Aurkikuntza horren bidez, Prusinerrek gai kutsatzailearen kontzeptu berri bat sortu du, bakterioarenaz edo birusarenaz beste.