Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prusia

Alemaniako antzinako lurraldea, Alemaniako ipar-erdialdekoa, Bigarren Mundu Gerraren amaieran (1947) desegin zena.  v  Hist. Antzinako prusiarrak Baltiko itsaso ondoan bizi ziren, Oder eta Niemen ibaien artean. Baltikoko herrietako hizkuntza bat hitz egiten zuten. XIII. mendean germaniarrek (Teutoien ordenako zaldunek) prusiarrak kristautu eta menderatu zituzten. Aitonen seme germaniarrek gazteluak eraiki zituzten Prusian eta nekazari germaniar asko iritsi ziren lurra lantzera. XIV. Menderako, Prusiako biztanle gehienek alemaneraz hitz egiten zuten, antzinako prusiar hizkuntzak XVII. mendea arte iraun bazuen ere. 1525ean, Prusia Hohenzollern familiaren mendeko dukerri bilakatu zen; 1618an, Hohenzollern-Brandenburg monarkia iritsi zen aginpidera, eta Prusia Europako lurralde indartsuenetakoa izan zen. Frederiko Gilen Handiak (1640-1688) Prusiako gudaroste ahaltsua eratu zuen; Frederiko I.a (1688-1713) prusiar estatuko errege izendatu zuten eta Frederiko II.ak (1740-1786) Silesia eta Poloniako mendebaleko lurraldeak bereganatu zituen. Napoleonen kontrako borroken ondoren (1807), Prusiak lurralde batzuk galdu zituen, baina Vienako hitzarmenean (1815) horietako asko berreskuratu zituen. Handik aurrera, Austriarekin lehian egon zen germaniar elkartearen buru nor izango. 1871n Germaniar Inperioa eratu zenean, Prusia Alemaniako Reicharen barruan geratu zen. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, Silesia, Posen, Mendebaleko Prusia, Danzig, Memel, Schleswig-eko iparraldea, Belgikako mugako lurraldeak eta Sarre eskualdea galduta, Prusia inoiz izandako lurralderik txikienera mugatua zegoen, eta, egoera ahul horretan, Alemaniako Land bihurtu zen. 1933an, Hitlerrek Prusiako konstituzioa eta hango legeak indargabetu zituen. Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemania aliatuen mende geratu zen, eta, horrenbestez, Prusiari geratzen zitzaizkion lurralde eskasak ere bai, izan ere, Sobietar Batasun ohiak hartu baitzuen ipar-ekialdeko Prusia eta Poloniak, berriz, Pursiako ekialdeko zenbait lurralde.