Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

prezio

iz. Ondasun bat saltzen edo erosten den diru kopurua, salneurria. Prezio handia. Gauzen prezioa beheratzeko.  v  Ekon. Prezioa ondasun edo zerbitzu baten balioaren adierazpena da, bereziki truke balio zentzuan. Antzinatik ikusi zen truke balio gisa gai komun eta uniforme bat erabiltzearen beharra; hala, laster erabili ziren urre eta zilarrezko txanponak. Zentzu batean prezioak balioa adierazten du; ekonomialariek, ordea, adiera desberdina ematen diete bi adierazpen horiei. Prezioa eskariaren eta eskaintzaren arabera igotzen eta jaisten da: eskariarekin batera handitzen da eta eskaintzarekin batera jaisten, eta alderantziz. Erraz ikus daiteke prezioen aldaketak, era berean, aldaketak sortzen dituela eskarian eta eskaintzan. Prezioak ekonomia sistema jakin batean den diru kopuruaren araberakoak dira halaber; izan ere dirua –urrea eta zilarra antzina adibidez– sinboloa izateaz gainera, merkantzia ere bada; diru kopurua handitzen denean –Amerikatik Europa aldera urre kopuru handiak ekarri zirenean, adibidez– diruaren balioa murrizten da (diruak erosteko ahalmena galtzen du) eta proportzioan ondasun edo zerbitzuen prezioak gorantz egiten dute. Egoera horretan desoreka handiak sortzen dira ekonomian (ik. inflazio), izan ere nekez pareka baitaitezke ondasun eta zerbitzuen prezioen igoerak errenta eta soldaten igoerekin. Prezioak produktuen balioaren neurgailuak dira halaber, erosleek produktua izateagatik zenbat ordainduko luketen adierazten baitute. Definizio horretatik ateratzen da eragin handiko ekonomia funtzioa betetzen dutela prezioek. Artifizialki kontrolatuak ez badira, ondasunak eta zerbitzuak nahi dituztenen artean banatzeko mekanismo ekonomikoa dira; sistema horri prezio-mekanismo deritzo; mekanismo horren arabera prezioak aske mugitzen direnean berdinduko dira soilik eskaria eta eskaintza. Gehiegizko eskaintza bada, prezioak apalak izango dira eta ekoizpena murriztu egingo da; horrek prezioak igoaraziko ditu eskariaren eta eskaintzaren arteko parekatze bat izan arte. Era berean, eskaintzak ez baditu asetzen biztanleen beharrak, prezioak handiak izango dira, eta horrek produkzioa areagotuko du; hala, prezio apalagoak sortuko dira, eskaria eta eskaintza parekatu arte.