Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

prerrafaelismo

iz. Art. Ingalaterran, XIX. mendearen erdialdean, sorturiko arte higikundea. 1848an pintore gazte batzuek “Pre-Raphaelite Brotherhood” anaidia sortu zuten, Rafaelen aurreko pintura italiarraren xalotasuna berpiztu nahirik. Higikunde horren sortzaile nabarmenenak W. Holman Hunt, J. Everett Millais eta, batez ere, Dante G. Rossetti ziren. Akademizismoaren eta garai hartako konbentzionalismoaren –pseudoklasizismoaren– aurka, izadian zuzenki oinarrituriko artea berreskuratu nahi zuten. Zehaztasuna eta teknika argia erabiltzen zuten beren koadroetan, doitasunaren eta seriotasun moralaren zerbitzutan. Prerrafaelisten obren gaiak askotarikoak ziren: erlijiozkoak, Erdi Arokoak eta are burgesiaren etxe barneko eszenak. Hasieran, jendeak eta kritikak ez zuen onartu prerrafaelisten obra eta Charles Dickensek gogor kritikatu zituen. John Ruskin-ek, ordea, haien alde idatzi zuen. 1852an taldea desegin zen, baina beste zenbait artistengan eragin nabaria izan zuen, hala nola W. Dyce eta Ford Madox Brown-engan. Higikundeko azken kidea E. Burne-Jones izan zen, Rossetti-ren dizipulua. Prerrafaelismoak eragin handia izan zuen XIX. mendearen bukaerako arte higikundeetan, modernismotik sinbolismora, W. Morris, W. Crane eta A. Beardsley pintoreak, besteak beste, hartan oinarritu baitziren.