Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ponce, Manuel María

Mexikoko musikagilea (Fresnillo, Zacatecas, 1882 - Mexiko, 1948). Mexikon, Berlinen eta Bolonian egin zituen musika ikasketak. Mexiko Hiriko kontserbatorio nazionaleko irakaslea izan zen (1909-1915 eta 1917-1922), eta 1934-1935. urteetan, zuzendaria. Mexikar kutsuko erritmoz eta harmoniaz betetako musika lanak idatzi zituen: pianorako kontzertu bat, eta Estrellita eta La pajarera kantuak, adibidez. Geroago, Paul Dukas frantses musikagilearekin ikasi ondoren, Ponceren musika aldatu egin zen, eta zertzelada inpresionistak erabiltzen hasi zen. Musika lan nagusiak Parisen egindako egonaldiaren ondoren idatzi zituen. Garai hartakoak dira Chapultepec (1929) eta Ferial (1940) orkestrarako, eta Andrés Segoviari eskainitako Concierto del sur (1941), gitarra eta orkestrarako. Beste obra batzuk: 24 preludio gitarrarako, 5 sonata gitarrarako, 2 piano kontzertu, biolin kontzertu bat, eta ehundik gora kantu eta pianorako lan.