Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plisetskaya, Maia Mikhailovna

Errusiar dantzaria (Mosku, 1925). 1943. urtean Bolshoi eskolako ikasketak bukatu zituen. Aipagarriak izan ziren Bolshoi balletarekin egin zituen Beltxargen aintzira eta Intxaur kraskailua balletetako antzezpenak. Herri askotan dantzatu zuen, Estatu Batuetan, Indian eta Txinan, besteak beste. 1964. urtean Lenin saria jaso zuen egindako lan bikainagatik. Sobietarrak ez ziren koreografoen balletetan ere lan egin zuen, Roland Petit, Maurice Béjart, eta Alberto Alonsoren balletetan adibidez. 1975. urtetik aurrera Bruselako Ballet de XXe Siècle–an aritu zen dantzari. Plisetskayaren lehen koreografia Ana Karenina (1972) izan zen, Tolstoiren lanean oinarritua. Teknika aldetik bikaina da, besoaren erabilera adierazkorra du eta trebetasun osoz elkartzen ditu antzerkia eta dantza. Antzezpen nagusiak ditu: Bakchisarayko iturri-ko Zarema; Don Kixote-ko Kitri; Giselle; Loti Ederre-ko Aurora; Harrizko Lore-ko Laurencia, eta Beltxargen Aintzira-ko Odette-Odile.