Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Platea

(Gr. Plataia). Greziako antzinako hiria, Beozian, Tebastik hego-mendebalera zegoena. Tebasek beoziar herrien ligan parte hartzeko eskatu zion Plateari, baina Plateak uko egin zion; erabaki hura hartu ondoren Atenasekin bat egin zuen (K.a. 519) Tebasen erasoen aurrean babesa lortzearren. Plateak babesaren truke Atenasi lagundu zion Maraton-go eta Artemisio-ko guduetan. K.a. 479an Plateatik hurbil izan zen izen bereko guduaren ondoren Greziak Platearen independentzia onartu zuen, baina K.a. 431n Tebasek eta K.a. 429 eta 427an espartarrek eraso zioten; K.a. 338. urtean berriro eraiki zen baina Plateak ez zuen berreskuratu ordu arte izandako garrantzia.  v  Plateako gudua. Mediarren II. gerran greziarren eta persiarren artean Plateatik hurbil izan zen gudua (K.a. 479). Borroka Xerxesen mendeko persiar osteek hasi zuten, irabazteko gai izango zirelakoan, baina greziarrek garaipena lortu zuten eta persiarrak Greziatik egotzi zituzten.