Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

plasmodio

iz. Zool. Plasmodioforidoen ordenako zenbait protozooren izena. Animalia mikrospokikoak eta bizkarroiak dira. Bi ostalaritan, etxeko nahiz basoko ugaztunen eta gizonaren globulu gorrietan, eta zenbait artropodo odol-xurgatzaileren digestio aparatuan, batez ere intsektuenetan, bizi izaten dira. Globulu gorrietan bizi diren bitartean sexu gabeak izaten dira, eta intsektuen digestio aparatuan bizi diren bitartean aldiz, sexudunak edo espora sortzaileak. Plasmodiorik ezagunenak sexu gabeko bizitza gizonaren gibelean eta globulu gorrietan ematen dutenak dira, gizonari paludismoa edo malaria, edo helgaitz deitu sukarra eragiten dizkiotenak. Anofeles edo beste intsektu batek gizonari plasmodio bizkarroiak sartzean, haiek aurrena odolean kokatzen dira eta odoletik gibelera igarotzen dira. Han izaten dute lehen ugalketa, zatiketa bidezkoa eta milaka bizkarroi txiki sortzen dituena. Bizkarroi txiki horiek odolera igarotzen dira gero, eta berriro ugaltzen hasten dira. Bigarren ugalketa honek dirauen denboraren arabera izaten dira sukarraldiak 48 ordukoak edo 72 ordukoak. Plasmodio mota horietan ezagunenak Plasmodium vivax, P. malariæ, P. ovale eta P. falciparum izenekoak dira, hurrenez hurren, egun biz bateko sukarra eragiten duena; 72 orduko sukarra eragiten duena (heriotza ekar dezakeena); paludismo edo malaria gaiztoa (heriotza ekar dezakeena) eragiten duena, eta 48 orduko sukarra eragiten duena.