Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pirinioetako Bakea

Frantziaren eta Espainiaren arteko gerra egoera amaitzeko sinaturiko ituna (1659). Elkarrizketak Irunen eta Hendaiaren artean den Faisaietako uhartean hasi ziren (azaroak 7) eta Tolosan bukatu (azaroak 23); azken erabaki batzuk ondoko urtean hartu ziren. Horrenbestez, 1635ean abiaturiko gerra amaitzearekin batera Frantziaren nagusitasuna berretsirik gelditu zen. Luis Mendez de Haro eta Mazarin izan ziren alderdi bietako sinatzaileak. Itunaren arabera Espainiak Rosselló, Cerdanyako hainbat herri eta beste zenbait eskualdeko –Flandes, Hainaut, Luxenburgo– hiri batzuk utzi behar izan zituen Frantziaren esku; Frantziak, aldiz, Portugalgo eta Napoliko matxinatuei ez laguntzeko bermea eman behar izan zuen. Bestalde, Luis XIV.aren eta Maria Teresaren arteko ezkontza erabaki zen: Frantziako erregeak Espainiako errege izateko eskubide orori uko egin zion eta Espainiak dote astuna ordaindu zion (500.000 urrezko ezkutu). Itun honek Espainiako finantzen egoera zaila areagotu zuen eta Frantzia berriz aske geratu zen bere politika garatu ahal izateko.