Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pinsky, Robert

Estatubatuar olerkari, kritikari eta itzultzailea (Long Branch, New Jersey, 1940). New Jerseyko Unibertsitate Estatalean eskuratu zuen lizentzia 1962. urtean, eta Stanfordekoan, berriz, doktoregoa, 1966an. Irakasle gisa jardun du hainbat eskola eta unibertsitatetan, besteak beste Wellesley Collegen, Kaliforniako Unibertsitatean eta Bostongo Unibertsitatean. Argitaratzaile lanak egin zituen New Republic aldizkarian 1978tik 1986ra. Baina Pinskyren lan nagusietakoa Favorite Poem Project proiektua izan da, zalantzarik gabe. Amerikarrek maite dituzten poemen bideo eta audio artxibo batez osatua da proiektua eta Pinskyk dioenez, bere helburua da mende berriaren ateetan amerikarren argazkia eskaintzea beren poesiaren ikuspegitik. Argitalpenei dagokienez, Sadness and Happiness (1975, Tristura eta alaitasuna) olerkiez osaturiko obra autobiografikoa argitaratu zuen lehenik. Estatu Batuetako historiari buruzko gaiak erabili zituen, bestalde, An Explanation of America (1979, Amerikari buruzko azalpena) olerki luzean. Gerora egindako obretan, berriz, gai pertsonalak zein historikoak erabili zituen, History of My Heart (1984, Nire bihotzaren historia), eta Jersey Rain (2000) bildumetan esaterako. 1996an The Figured Wheel: New and Selected Poems, 1966-1996 bilduma argitaratu zuen. Pinskyren kritika lanei dagokienez, berriz, azpimarratzekoak dira The Situation of Poetry: Contemporary Poetry and Its Traditions (1976, Poesiaren egoera: poesia garaikidea eta bere tradizioak) eta Poetry and the World (1988, Poesia eta mundua). Czeslaw Miloszen obraren itzultzaileetako bat izan da, eta The Separate Notebooks (1984, Ohar liburu bereziak) lanean jaso da emaitza hori. The Inferno of Dante ere (1994, Danteren infernua) berak itzulia da. 1997an Estatu Batuetako olerkari ohoragarri izendatu zuten.