Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Piano, Renzo

Italiar arkitektoa (Genoa, 1937). Kontratista batean semea zen. Milango politeknikoan egin zituen ikasketak eta aitarekin hasi zen lanean. Lan hartan urtebete eman ondoren Britainia Handira aldatu zen, eta bost urtez bizi izan zen han eta Estatu Batuetan. Estatu Batuetan Louis Kahnen estudioan lan egin zuen. Richard Rogersekin elkartu zen gero, eta bien artean Parisko Georges Pompidou Zentrorako lehiaketa irabazi zuten 1971. urtean. Hura izan zuen nazioarteko lehehengo arrakasta; aurrerantzean, bere eraikinetan egitura berrizaleak baina aldi berean materialen erabilera originala eta hiri ingurunearekiko kezka bateratu izanak eman zion ospea nagusiki. 1980an bere estudioa sortu zuen, Parisen eta Genoan lantegiak zituena, eta Peter Rice ingeniariarekin elkarturik jardun zuen zenbait urtez. Bere lan nagusien artean aipagarriak dira Menil museoa, Houstonen (1981-1987); Kansai aireportua, Japonian (1994an inauguratua), Lingotto lantegia arte eta negozio zentro bihurtzeko eraberritze lanak, eta hainbat etxebizitza eta industria enpresarentzako enkarguak, batez ere Frantzian eta Italian. Teknologia aurreratuko arkitektotzat hartua izan da, baina oso bilakaera berezia izan du bere arkitekturak; bere ezaugarri nagusiak material bikainen erabilera eta egitura sendoak dira. 1998. urtean Arkitekturako Pritzker saria eman zioten, arkitekturako munduko sari nagusia.