Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pfitzner, Hans Erich

Alemaniar musikagilea eta orkestra zuzendaria (Mosku, 1869 - Salzburgo, 1949). Piano irakaslea izan zen Koblentzako kontserbatorioan (1892-1893), Mainzeko Antzokiko zuzendari (1894-1896), Estrasburgoko Operako musika zuzendari (1910-1916) eta Municheko Akademiako konposizio irakasle (1930-1933), beste kargu askoren artean. Mainz, Berlin, Munich eta Estrasburgoko orkestretako zuzendari izan zen. Lan gehienak Wagner eta Schumann-en eraginpean idatzi zituen, eta azken alemaniar erromantikotzat hartu izan da; Pfitzner-en abestiak oso ederrak eta hunkigarriak dira. Mahler-ek Pfitzner-en bi opera zuzendu zituen Vienan, baina arrakastarik handiena Palestrina operarekin lortu zuen, 1917. urtean Munichen. Pfitzner-en joera tradizionalistak nazien gogoko izan ziren, baina geroago baztertu egin zuten. Aipatutako lanez gainera, lan aipagarriak dira: Der arme Heinrich (1891-1893, Heinrick behartsua), Die Rose vom Liebesgarten (1897-1900, Maitasunaren jardineko arrosa), eta Das Herz (1931, Bihotza) operak; bi sinfonia eta orkestrarako beste lan batzuk; piano kontzertuak; biolin kontzertuak; harizko tresnetarako bi kuarteto; kamerako musika, eta abesti ugari.