Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pessarrodona Cortada, Lluís

Katalan margolaria (Bartzelona, 1930). Lluís Pessa izenaz da ezagunagoa. Arte ikasketak Bartzelonako Lonja eskolan hasi zituen, eta Parisen osatu zituen 1955ean. Marrazki eta grabatuak sortzen hasi zen, eta gerraosteko akuaforte eta serigrafia egilerik garrantzitsuenetakoa izan zen. Baina 1969tik aurrera pinturari heltzea erabaki zuen. Bere lanetan errealitatea eta fantasia nahasten ditu, eta estiloari dagokionez, espresionismotik abstrakziorako ibilbidea egin ondoren, berak mundu magikoa deritzan surrealismo mota batera iritsi da eta bere obra batzuetan Dalíren irudien zantzu bat nabarmentzen da. Bere obrak Madrilgo Grabatuen Museo Nazionalean, Bartzelonako Arte Modernoko Museoan, Ibizako Arte Garaikideko Museoan eta Japongo Ohara Arte Museoan daude ikusgai, besteak beste. Bestalde, liburuen argitalpenetan lankide izan da, Goytisolo eta beste zenbait idazlerekin batera.