Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Perurena Gartziarena, Iñaki

Nafar harri jasotzailea (Leitza, 1956). Indar handiko kirolaria da, eta, aparteko markak lortzeaz gain, herri kirolaren itzala ohiko esparruetatik atera du, besteak beste aspaldi honetan telebistan egin dituen agerraldien eraginez. Hainbat saiotan aurkezle eta noiz behinkako lankide izan ondoren, ETB1eko Goenkale telesaileko protagonistetako bat da azken urteotan. Harria jasotzen egin dituen azken marka esanguratsuenak ere saio horri lotuak daude. 1999an, esate baterako, Goenkalek mila atal egiten zituela-eta, 1.000 aldiz altxatu zuen –bost orduren buruan– 100 kiloko harri lauki-zuzena. Antzerakoa egin zuen 2001. urtean. Goenkaleren 1.300. atala zela-eta, 1.313 aldiz altxatu zuen –sei ordu eta hogeita bi minuturen buruan– 100 kiloko harri zilindrikoa. Inaxio semea ere harrijasotzailea du.