Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peru Abarka

Juan Antonio Mogelen eleberria eta pertsonaia nagusia, 1881ean argitaratua izan zena. Hau da eleberriaren izenburu osoa: El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la universidad de Basarte ó Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Peru Abarka da euskal literaturan egin zen lehen eleberri saioa. Sei elkarrizketa ditu, bizkaieraz idatzita: kalearen eta baserriaren arteko bikoiztasuna ageri da obran, modu dialektiko batean azaldua. Peru da euskararen eta ohitura onen gordailu, euskaldun guztien eredu, eta Maisu Juan, berriz, horiek guztiak zalantzan jartzen dituena. Hala ere, tesi eleberria bada ere, tesi hori ez zaie pertsonaiei eta kontakizunari gailentzen. Hortik obra honen garrantzia. Bestalde, bere garaiko ohituren eta lan tekniken deskribapen xehea ageri da. Liburua 1802. urterako bukatua zegoen, baina 1881. urtea arte ez zen argitaratu, autorea hil eta handik 80 urtera beraz, ordu arte Karlos III.aren ministro izan zen Arandako Kondearen lege bat indarrean egon zelako, gaztelaniaz beste hizkuntzetan argitaratzea debekatua baitzegoen. Eskuizkribua Mogelen ilobak, Juan Josek, eduki zuen, harik eta Zarauzko frantziskotarren komentuan utzi zuen arte.